Gardentasun-organoak
Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren Zuzendaritzako Gardentasun Unitatea, Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordea, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea eta Barneko Informazio Sistema dira Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-organoak.
Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren Zuzendaritza da gardentasuna sustatzeko eskumena duena, honako arau hauen bidez:
- 2015/01/13ko Gobernu Kontseiluaren Akordioa (PDF, 126 kb). Funtzioa: publizitate aktiboa ezartzea eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea ematea bultzatuko du, baita koordinatu ere. Halaber, sail bakoitzak gardentasuna sustatu beharko du esleituta dituen sektore publikoko erakundeetan ere, jarraibide orokorren esparruan.
- 317/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Funtzioa: Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bultzatzea politika publikoen definizioan, kudeaketan, gauzatzean eta ebaluazioan. (12.1 b Art.)
Ana Aguirre Uriz, Gobernu Irekiaren eta Gobernu Onaren Zuzendaria, Unitatearen Arduraduna da.
Gobernu Kontseiluak, 2017. urteko uztailaren 11an onetsi zuen Gobernantza, Gardentasun eta Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Batzordea sortzea; horrela, XII. Legegintzaldirako Gobernu Programaren 148. konpromisoari erantzuten dio.
Helburua da Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen inguruan antolatzen dituen jarduketa guztiak koordinatzea. Xede du politika eta zerbitzu publikoen ebaluazioa sustatzea, lankidetzan eta kontu ematean oinarritutako ikuspegiarekin, bai eta kanpo-ikuskaritzetan lortutako nazioarteko gardentasun-indizeetan lidergoa finkatzea ere. Euskadi autonomia bakarra da Espainiako Nazioarteko Gardentasunaren azken ikuskaritzan 100 puntutik 100 puntu lortu dituena.
Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean, e apartatuan, indargabetzen da Gobernu Kontseiluaren 2017ko uztailaren 11ko Erabakia, Gobernantzaren, Gardentasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordea sortzen duena, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan Eusko Jaurlaritzaren jarduerak koordinatzeko organo gisa, eta, 128. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordea sortzen du, kontsulta-organo gisa, gobernantza publikoari buruzko politikak koordinatzeko eta jarraipena egiteko, oro har, eta herritarrei, administrazio elektronikoari eta zerbitzu digitalei, datuen eta informazioaren gobernantzari, gardentasunari, parte-hartzeari eta gobernu onari buruzko politikak, bereziki.
- Batzordeak eginkizun hauek ditu, gardentasunari eta parte-hartzeari dagokienez:
- Gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan zuzendaritzaren plangintza ezartzea.
- Publizitate aktiboaren eta informazio publikorako sarbidearen arloan jarraibideak, protokoloak eta jarduteko irizpideak proposatzea, Batzordea atxikita dagoen saileko titularrak Gobernu Kontseiluari onartzeko proposa diezazkion.
- Indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen publizitate aktiboko eginbeharrak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren atazak koordinatzea.
- Nazioarteko gardentasunaren adierazleetan lidergoa sendotzeko beharrezkoak diren jarduketak bultzatzea.
- Informazio publikoa irispidean izateko eskabideen izapidetzea koordinatzea eta haren jarraipena egitea, ahalik eta azkarren eta ahalik eta kalitate onenarekin erantzuten zaiela bermatzeko.
- Informazio publikoa kudeatzeko eta argitaratzeko bitarteko, plataforma eta garapen informatikoen erabilera partekatua sustatzea.
- Eusko Jaurlaritzaren sailetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateetan, gardentasuna ezartzeari buruzko balantzeen urteko txostenak kontuan hartzea.
- Batzordeak eginkizun hauek beteko ditu, herritarrentzako arretari, informazioari eta Interneteko presentziari dagokienez:
- Plangintza eta helburu estrategikoak koordinatzea.
- Plangintza estrategikoan zehaztuta duden helburuak lortzeko beharrezkoa den baliabide-hornikuntza proposatzea.
- Herritarrentzako arretaren, informazioaren eta Interneteko presentziaren arloko txosten eta auditoriez arduratzea; bereziki, dekretu honen 110. artikulutik 113.era bitartean araututa daudenez.
- Herritarrentzako arreta, informazioa eta Interneteko presentzia hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak eta edonolako neurriak sustatu eta koordinatzea.
- Herritarrentzako arretarekin, informazioarekin eta Interneteko presentziarekin zerikusia duten desadostasunak eta intzidentziak ebaztea.
- artikuluan araututako zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa etengabe eguneratzen dela eta 68. artikuluan araututako administrazio elektronikoaren zerbitzu eta azpiegitura komunak erabiltzen direla zaintzea.
- Batzordeak eginkizun hauek beteko ditu, administrazio elektronikoari eta zerbitzu digitalei dagokionez:
- Administrazio elektronikoaren plangintza eta helburu estrategikoak koordinatzea, eta horiek lortzeko behar diren baliabideak proposatzea.
- Administrazio-zerbitzu eta -prozedurak ikuspegi korporatibo eta zeharkakoarekin sortzen eta digitalizatzen direla zaintzea, eta, zehazki, 54.2 artikuluan araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta haren Administrazio instituzionalaren zerbitzu eta prozedura elektronikoen protokoloa betetzen dela zaintzea.
- Zerbitzu elektronikoen sarea sustatzea, zeina 59. artikuluan arautua baitago.
- Administrazio elektronikoaren eta zerbitzu digitalen arloko txosten eta auditoriez arduratzea; bereziki, dekretu honen 111.etik 113.era bitarteko artikuluetan araututa daudenez.
- Administrazio elektronikoa eta zerbitzu digitalak hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak eta edonolako neurriak sustatu eta koordinatzea.
- Datuen kudeaketa bultzatzea, aktibo digital estrategikoa delako datuetan oinarritutako gobernuentzat.
Gobernantza Publikoko Sailarteko Batzordeak ohiko bilera egingo du urte naturaleko seihilekoan behin, lehendakariak erabakitako deialdiaren bidez, eta, ohiz kanpo, lehendakariak erabakitzen duen guztietan, bere ekimenez edo kideen heren batek eskatuta.
Urtero kudeaketa-memoria bat idazten da, EAEko Administrazio Orokorrean eta haren Sektore Publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko Balantze Txostenean jasoa, eta bertan Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordearen jardueraren berri ematen da.
Eraketa
Batzordea presidentzia batek, idazkaritza batek eta hamahiru bokaliak eratuko dute, Gobernuko sail bakoitzetik bat:
- Presidentetza: Dekretuak ezartzen duenez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko herritarrei arreta emateko eta zerbitzu digitalak eskaintzeko eskumena duen sailburuordetzako sailburuorde titularra izango da lehendakaria, eta, kasu honetan, Agustin Zubillaga Rego sailburuordea.
- Idazkaritza: gobernantza publikoan eskumena duen sailak izendatutako funtzionario batek beteko du.
- Bokaliak: eta hamahiru bokaliak, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzetik bat.
Gardentasuna kontrolatzeko berariazko organoa da eta, bereziki, herritarrek informazio publikoa eskuratzearen arloan jardun-eremu bateko administrazio publikoek ukatzeko emandako berariazko nahiz ustezko ebazpen ororen aurrean jartzen diren erreklamazioak aztertzeko.
Barneko komunikazio-kanal bat da, egoitza fisikoa eta elektronikoa dituena, arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barne-sistemaren funtzionamendua antolatzeko, honako arau hauen bidez:
- 89/2023 DEKRETUA, ekainaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko barneko informazio-sistema sortu eta arautzen duena. Helburua: Informazioaren edo komunikazioaren kultura bultzatzea eta indartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eremu funtzionalean interes publikoaren aurkako mehatxuak prebenitzeko eta detektatzeko mekanismo gisa, betiere erakundeen eta haiek osatzen dituzten pertsonen integritatea bilatuz.
- 188/2023 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Arau-Hausteen Berri Emateko eta Informatzaileak Babesteko Barne-Sistemaren Arduraduna izendatzeko dena. Artikulu bakarra: Maria Teresa Basabe Chavarri andrea, Arau-Hausteen Berri Emateko eta Informatzaileak Babesteko Barne-Sistemaren Arduradun izendatzea.
Arau-hausteen berri emateko eta informatzaileak babesteko Barneko Informazio Sistemaren Bulegoak abian jarri ditu arau-hauste penal edo administratibo larri edo oso larriei (edo Europar Batasuneko Zuzenbidearenak) buruzko informazioa duenak horren berri eman ahal izateko kanalak eta, ondorioz, dagokion erakundeak berak Sistemaren bidez ahalbideratu dezan. Horrela, barneko informazio kanal hau aktibatzen da (BIS, Barneko Informazio Sistema), pertsona informatzaileak babestea eta haien anonimotasuna zaintzea izanik bere helburu nagusia. Barneko sistemak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren esparruan jardungo du. Hauek dira lau kanalak:
- Kanal elektronikoa
- Ahots mezularitza: 945 018 100 telefonora
- Posta arrunta: BIS-ari zuzenduta, helbide honetara:
- Hezkuntzako liburutegi zaharra
- Donostia kalea, 1
- 01010 Vitoria-Gasteiz
- Aurrez aurre: Hitzordua eskatzea (euskadi.eus)
BISera helarazitako informazioak konfidentzialtasuna zorrotz kudeatu eta zainduko da, betiere anonimotasuna zainduz, eta ez da nahitaezkoa izango datu pertsonalak ematea. Grabazioak egiten badira (audioa bakarrik), dagokion baimena eskatuko da eta ahotsa desitxuratzeko zerbitzuak emango dira.
Ez da onartuko beste bide batetik iristen den informaziorik, informazioaren konfidentzialtasuna ez urratzeko eta informatzaileen eta eragindako pertsonen datu pertsonalak babesteko.
Barne sistemaren arduradunak hartuko du sistemaren funtzionamenduaren erantzukizuna, baita jasotako informazioak bildu, izapidetzeko eta ikertzeko prozedurak kudeatu eta informatzaileak babesteko neurriak hartzeko ardura ere. Bere eginkizunak modu independentean beteko ditu, eta ezingo du inolako jarraibiderik jaso.
Sistemari buruzko informazio guztia BIS atarian aurki daiteke.
