Hemen zaude:
  1. Barneko Informazio Sistema (BiS)

Barneko Informazio Sistema (BiS)

Barneko Informazio Sistema bat da. Sistema horren bidez, Sistemaren arduradunari jakinarazten zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeen barruan gertatzen diren ekintzak edo ez-egiteak, arau-hauste penal edo administratibo astun edo oso astun izan daitezkeenak.

Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen II. tituluan jasotako baldintzetan, arau-hausteei buruzko informazioa emateko eta informatzaileak babesteko barne-sistemaren – 89/2023 Dekretuan arautua, ekainaren 13koan– jarduketa-esparruak honako erakunde eta entitate hauek hartzen ditu barnean:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionala; alegia, gaur egun dauden organismo autonomoak eta zuzenbide pribatuko ente publikoak, eta dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera eratzen direnak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko ente instrumentalak, gaur egun dauden sozietate publikoak eta haien fundazio eta partzuergoak barne hartuta, bai eta dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera eratzen direnak ere.
  • Euskal Sektore Publikoari buruzko 2022ko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 10. artikuluan arautzen diren administrazio-agintaritza independenteak eta agintaritza horietako bakoitzaren sorrera-legean arautzen direnak.

Informatzailea edonor izan daiteke, baldin eta EAEko sektore publikoa osatzen duten erakundeetan ustez gertatzen diren arau-hauste astunen edo oso astunen gaineko informazioa badauka, erakunde horiekin duen lan-harremanaren edo harreman profesionalaren ondorioz:

  • Administrazio publikoko langileak (funtzionario-harremana nahiz lan-harremana dutenak, edo eduki aurreko egoeran daudenak –hautaketa-prozesuetako arau-hausteei buruzko informazioa bada–, edo lan-harremana zein estatutu-harremana amaitu dutenak).
  • Besteren kontura lan egiten duten langileak.
  • Langile autonomoak.
  • Akziodunak edo entitate baten administrazio-, zuzendaritza- edo gainbegiratze-organoko kideak.
  • Boluntarioak, bekadunak eta prestakuntza-aldian dauden langileak.
  • EAEko sektore publikoko kontratistentzat, azpikontratistentzat eta hornitzaileentzat lan egiten duten pertsonak.

Informatzailea babesteko neurriak beste batzuei ere aplikatuko zaizkie, hain zuen ere, bere legezko ordezkariei, lankideei, senideei, prozesuan parte hartzen dutenei eta berarekin lan-harremana duten pertsona juridikoei edo informatzaileak partaidetza nabarmena duen pertsona juridikoei. Horretarako, sistema honek [organismoa edo erakundea atxikita dagoen saileko sailburuari] jakinaraziko dio 15 egun balioduneko epea duela ezarritako babes-neurrien eta horiek errepika ez daitezen erabakitako barne-jarduketen berri emateko.

Sistemaren arduradunak edo haren bulegoko edozein kidek, berezkoak dituzten ikerketa-zereginetan ari direla, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko administrazio, organismo edo erakundeen titularrei edo arduradunei errekerimendua eginez gero, horiek albait lasterren eta ahalik eta prestutasun handienarekin erantzun beharko diote eskaerari, jasotzen dutenetik gehienez ere zazpi egun balioduneko epean.

Eskaera/komunikazio horiek Tramitagune bidez jasoko dituzte beti, eta horietara errekeritutako pertsonak soilik sartu beharko dira. Ezarritako epean erantzun beharko dituzte, Tramitagune bitartez.

Adierazitako epea igarota, eskaerak ez badu ondoriorik izan eta ez bada behar bezala bete, sistemaren arduradunak idazkia bidaliko dio betebeharra konplitu ez duenaren nagusi hierarkikoari, eta, halakorik ez badu, kasuan kasuko organismoa edo entitatea atxikita dagoen saileko sailburu titularrari.

Komunikazio hori jaso ondoren, eskatutako informazioa emango zaio sistemaren arduradunari gehienez ere zazpi egun balioduneko epean, eta dagokion informazio-espedientea irekiko da, erantzukizunak behar bezala argitzeko, sailburuak erantzun behar izan badu. Barne-sistemaren arduradunari informazio-espedientea amaitu dela jakinaraziko zaio.

Ikerketen ondorioz, baliteke sistema honek Ministerio Fiskalari bidaltzea espedientea (baliteke ikerketa egin aurretik ere bidaltzea, baldin eta delitu-zantzurik badago) edo baliteke [organismoa edo erakundea atxikita dagoen saileko sailburuari] jakinaraztea hilabeteko epea daukala sistema honi egoera bideratzeko eta erantzukizunak argitzeko egindako jardueren berri emateko.

Horren jakinaren berri izango du sistema hau atxikita dagoen saileko sailburu titularrak.

Izapidetzearekin lotutako arazorik edo zalantzarik baduzu, jar zaitez gure sistemarekin harremanetan 116504 eta 116505 luzapenetara edo 945 016 504 eta 945 016 505 telefono zenbakietara deituz. Halaber, Tramitaguneri buruzko laguntza-eskuliburua eskuragarri dago.

Barneko Informazio Sistemari buruzko informazioa zabaldu edo argitaratu nahi den guztietan, atariari erreferentzia egin behar zaio (https://bis.gardena.euskadi.eus/) eta argitalpenaren edukiari eta testuari buruzko kontsulta egin behar da. Horretarako, BiSen helbide elektronikora idatzi daiteke (info@bis.euskadi.eus), edo telefonoz deitu (945 016 504 edo 945016505).