Eusko Jaurlaritza

euskadi.net-era sartu

Menua ireki

Menua itxi

Menu nagusia:

Gardentasunari buruz

Gardentasunari buruz

Gardentasunak esan nahi du administrazio publikoak sortzen duen informazioa nahieran eskuratu ahal izatea, gobernuaren eta gizartearen artean konfiantza-giroa sorrarazi eta horrela herritar-multzo arduratsu eta parte-hartzailea eratzeko.

Herritarrei Gobernuaren eginkizun guztien berri ematea da herri-administrazioaren gardentasuna. Horrela, jakinaren gainean egonda, haiekin zerikusia duten erabakietan parte har dezakete herritarrek. Gardentasunaren bidez, administrazioaren esku utzitako boterearen parte bat bueltan emango zaie herritarrei eta, ondorioz, erakunde publikoak eratzen lagunduko eta parte hartuko dute.

Bestetik, herri-administrazioak landu eta bete beharreko gizarte-eskakizuna da gardentasuna. Beste lehengai batzuekin gertatu bezalaxe, prozesatu beharra dago informazioa. Informazioaren inguruan balio ekonomikoa sortzen da, eta informaziorik ez badago, botere-harreman asimetrikoak sortuko dira. Gainera, Internet nahiz gizarte-sareak sortzearekin batera, administrazioaren eta herritarren arteko harreman-esparrua birdefinitzen ari da. Herritarren protagonismoa, esaterako, lehen baino handiagoa da. Herritarrek, halaber, lehen baino informazio hobea izan nahi dute eta herri-gaietan lehen baino gehiago parte hartu.

Noretzat

  • Administrazioak gardentasunez eman nahi du egunero gauzatutakoen berri, herritarrek konfiantza izan dezaten administrazioan eta zuzenean hura kontrolatzeko aukera. Herritarrek, ondorioz, are kontrol handiagoa izan dezakete beren kudeatzaileen gain eta oposizio eraikitzailea egin. Informazioa, halaber, herritar orok erraz ulertzeko moduan transmititu behar da.
  • Gobernuaren ahalik eta barne-prozesu gehien gardenak izan daitezen, erregistro publikoetako datuak ezagutzeko eskubidea lehenetsi beharra dago, betiere, datu pertsonalak babestuko direla bermatuz. Gobernuaren datu publikoak formatu berrerabilgarrian jendarteratzeak aukera ematen du administrazioaren kudeaketa aztertzeko eta ebaluatzeko.
  • Gobernu irekiaren zutabeetako bat izanik, administrazioaren ateak eta leihoak irekitzeko bide emango du gardentasunak, herritarrek beren informazioa berreskura dezaten eta gizarte arduratsua osatu.

Gobernuarentzat

  • Herritarren eta administrazio publikoko langileen konfiantza:

    Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gizarte-zilegitasun handiagoa emango diote herritarrek Administrazioari. Administrazio publikoko langileek, beren aldetik, segurtasun handiagoz egingo dute lan informazio irekia baldin badute.

  • Bere informazioaren barne-antolakuntza:

    Gardentasuna bermatu ahal izateko, ekoitzitako informazio guztia antolatu eta sailkatu beharko du administrazioak.

  • Bere jarduera zehaztasunez ezagutzea:

    Informazio guztia antolatuta dagoenez, zer duen jakingo du uneoro Administrazioak. Beraz, egiazko eta eguneratutako informazioan oinarrituko dira Administrazioaren erabakiak.

  • Legez kontrako jarduerak ezeztea:

    Beren jardueren kontu eman behar dute derrigor Administrazio gardeneko kide guztiek. Horrek zaildu eta, are, galarazi egiten du legez kontrako ekintzarik gauzatzea.

Erakundeentzat

  • Administrazioen elkarlana erraztea:

    Gainerako erakundeek are harreman handiagoa izan dezakete Administrazioarekin.

  • Datuak partekatzea:

    Guztiek gardentasunez jokatzen badute, elkarlanean aritzeko aukera handiagoa izango da eta, are, merkeago izango da elkarlanean aritzea.

Herritarrentzat

  • Gobernuaren jarduera zehaztasunez ezagutzea:

    Zuzenean, hau da, artekaririk gabe lor dezakete herritarrek Gobernuak sortutako informazioa.

  • Konfiantza Gobernuaren jardunaren gain:

    Gobernuaren jarduerari buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta konfiantza handiagoa izango dute herritarrek Administrazioaren gain.

  • Egiazko informazioa, erabakiak hartu ahal izateko:

    Datu ofizialak ezagutuz gero, beren ingurua hobe ezagutuko dute herritarrek eta, hala dagokionean, erabakiak hartu ahal izango dituzte.

  • Parte hartzeko eta fiskalizatzeko gaitasun handiagoa:

    Ondo informaturiko gizarteek are aukera handiagoak izango dituzte herri-gaietan parte hartzeko, hau da, erakunde publikoen kudeaketan parte hartzeko.

  • Zerbitzu profesionala:

    Datuen katalogoa antolaturik eta sailkaturik duen administraziok arreta are zuzenagoa, azkarragoa eta zehatzagoa eskainiko du.

  • Eguneroko jardunean berrerabil daitezkeen datuak:

    Produktu eta zerbitzu gehiago eta hobeak izan ditzakete herritarrek, datu zehatz gehiago jakingo baitituzte.

Enpresentzat

  • Balioa eta aberastasuna sortzea:

    Doako datuak oinarri harturik, enpresek hainbat produktu sor ditzakete eta, gerora, horiek merkaturatu.

  • Kontratu publikoak lortzea:

    Administrazioaren kontratuei, oinarri teknikoen baldintza-agiriei, eta kontratuekin lotura duten datuei buruzko informazio zehatza eta eguneratua.

  • Berrikuntza:

    Informazioa hartzen (eta ematen) duen enpresa batek bere langileen, hornitzaileen eta bezeroen adimena aprobetxa dezake.

Eusko Jaurlaritzak gardentasuna euskal administrazio publikoan bultzatzeko konpromesua hartu du, administrazioa herritarrei gerturatuz. Hau egitean, Gobernuko ekintzak kontrolatzeko, haietan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko aukera izango dute herritarrek. Horrela, pertsona guztiek egiaztatu ahal izango dute guztien artean eta guztientzat gobernatzen dela.

Eusko Jaurlaritzak ondoko proiektu hauek bultzatzeak hartutako konpromiso horri eutsi diola erakusten du:

Gardentasunaren inguruko proiektuak Eusko Jaurlaritzan

  • Euskadi.eus:

    2004ko abenduaren 23an euskadi.eus (orduan euskadi.net) ataria publikatu zen, Eusko Jaurlaritzako eta administrazio autonomikoaren erakunde publikoetako web guneak biltzen dituena. Euskadi.eus-ek herri administrazioaren informazio eta zerbitzuetara sarbidea errazten du denak elkartu egiten baititu.

  • Irekia:

    2009ko urriaren 27an Irekia izeneko marka onartu zen. Haren bidez, herritarren parte-hartzeari buruz Open Government (Gobernu Irekia) delako filosofian adierazitakoa bete eta jarduteko modu berria ezarri nahi da.

  • Open Data Euskadi:

    Sektore Publikoaren Informazioa Berrerabiltzeari buruzko 37/2007 Legea betez, datu publikoak zabaltzeko proiektuari hasiera emateko agindua eman zen 2009ko abenduaren 29an (2003/98/EE Zuzentarauaren transposizioa da 37/2007 Legea). Open Data Euskadi ekimenaren bidez herri administrazioak dituen datuak askatzen ditu, garapen ekonomikoa eta gardentasuna kudeaketa publikoan bultzatuz.

  • Kontratatzailearen profila:

    2010eko irailaren 8an, Sektore Publikoko Kontratuen 11/2007 Legearen bidez ezarritako Kontratatzailearen profila plataforma elektronikoa aurkeztu zen. Haren bidez, lizitazioen deialdien, lizitazioen emaitzen, eta botere publikoek egindako kontratuei buruzko informazio garrantzitsuaren berri eman dezake Administrazioak Internetez baliatuz.

  • Gardena:

    2011ko apirilean Eusko Jaurlaritzak Gardena ataria publikatu zuen. Web gune hau Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde guztietan gardentasuna bultzatzen duen proiektu horizontala da, herritarrek eskatzen duten informazioa eskuragarri egon dadin: barne antolaketa, ekonomia eta finantz informazioa, kontratazioei buruzkoa eta egitasmo eta proiektuei buruzkoa ere bai.

  • Informazio publikora sartzeko eskubidea:

    2015eko urtarrilaren 13an, urte bete aurreratuz, Gobernuaren Kontseiluak martxan jarri zituen informazio publikora sartzeko eta publizitate aktiboaren eskubideak, 19/2003 Legeak, gardenatsuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu-ona arautzen dituena.

  • Legegunea:

    Euskal legediaren ataria da, garrantzi juridikoa duen dokumentazio guztia taldekatzen saiatzen dena, eta herritarrei eman modu ordenatuan eta sarbide erraz eta argiekin.

Eusko Jaurlaritzaren gardentasun proiektuak

euskadi.eus

Irekia

Open Data Euskadi

Euskadiko kontratazio publikoa

Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Informazioa eskatu

Euskadi, auzolana